sábado, 4 de julio de 2015

Anbotora urtekerea

Denboraldi batez bloga lagata gelditu arren, taldeak urtekerak antolatuten jarraitu dau, eta jenteagaz eztabaidatu ostean, barriz be urtekera batzuen kronikak idaztea erabagi genduan. Bestalde, nahiz eta taldekide guztiak euskeraz ez jakin, bloga elebiduna izan beharko litzatekela uste dot, hizkuntza biak ofizialak baitira.




Bagilaren 28an geratu ginan goizeko 8etan Txiki eta Otaegi enparantzan, eta auto bitan urten ginan 5 lagun: Xabi, Iñigo F., Joserra, Jose P.M. eta ni neu. Autoak Apatamonasterion aparakau eta hasikerako argazkia atera genduan. Pixkanaka igoten hasi ginan hainbat biaje eta urtekerei buruz berbetan, paisaia zoragarriaz gozatzen genduan bitartean. Bostak batera heldu ginan Besaidera eta bertan egin genduan lehen atsedenaldia. Orduan gogoratu eban Josek aurreko urtean be ibilbide bera egin ebala geugaz, hasikeran aiztuta eukan eta ez zekien ibilbide ha egin ete eban. Besaideko tontorrean mendizale bati argazkia aterateko eskatu eta gora segidu genduan. Ordurako goizeko laino apurrak desagertzen zihoazen eta zerua oskarbi geratu zan.


Hurrengo zatian basoetan zeharreko pista eta bidezidorretatik ibili ginanez, gerizpe tarteak izan genduzan, baina lupetza be topau genduan orbelaren azpian. Bidezidorraren zati batzuetan bizikletatik jaitsi behar izan ginan, baina gero landa zabalera urten eta aurrera egin genduan pista zabal batetik. Handik gitxira Zabalandi aurretik dagozan aldats malkartsuetara heldu ginan. Eguzkiak gogor joten eban eta tenperatura nabarmen igo zan ordurako. Hala ere, eguzkitarako krema eta ur nahikoa generoanez, erronkari aurre egiten saiatu ginan: aldapa osoa bizikletatik jaitsi gabe igotea. Josek bakarrik lortu eban, eta Joserra izan zan zailtasun gehien izan zituana. Errekuperetako geldialdi labur baten barritak energetikoak edota otartekoa jan eta aurrera jarraitu genduan pixkanaka iturrira heldu arte.


Jarraian, beste igoera tarte bat egin genduan, tartean aldapa labur baina gogor samarrak gaindituz, eta Anbotoko magaleko zelaietan barriz bildu ginan. Besaidera heldu arte inor topatu ez bagenduan be, Urkiolako santutegitik Anbotora zihoazen ehunka mendizale ikusi genduzan, eta beraz, jaitsieran kontuz ibili ginan. Alluitz, Astxiki eta Untzillatx mendiak atzealdean genduzala argazkia atera eta Atxartetik jaitsi ginan. Behatokian geundenean Osakidetzako helikopteroa ikusi genduan Untzillatxetik gertu, seguruenik erreskate bat egiten.


Tenperatura 30 graduren bueltan ibiliko zan ordurako, baina jaitsiera zanez, ez genduan bero handiegirik pasatu. Errepidera heldu eta, N-636 errepidea saihesteko, eskumatara doan desbideraketea hartu genduan, Mendiola eta Sagasta auzoetatik. Igoera txikerra izan arren, lasai egin genduan atzen tartea landa inguruak zeharkatuz, danak bilduta joan geintezan. Atxondoko Apatamonasteriora heldu ginanean jaietan egoan herria, eta pelota partida ari ziran jokatzen. Dana dala, ez ginan bertako jaietan geratu eta Etxebarrira heldu ondoren hamengo batzokian edari bana hartu genduan. Laburbilduz, urtekera eder eta atsegin batez gozatu ahal izan genduan eta eguraldiagaz zortea izan genduan, termometroa ez baitzen larregi igon.

No hay comentarios: